XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hipotesi honen lagungarri dira materialen kokapena eta berauen tipologia: material zeramikoa harresiaren inguruan agertzen da beti, harkaitzik gabeko esparruetan, eta harresitik 4 bat m-raino.

Zeramika hauen zatiak nahiko handiak dira, eta nahiz eta ontziak osorik azaldu ez, bertan puskatu direla esango genuke (ez direla oso urrutitik etorri).

Hauekin batera, zeramikekin loturiko ezkur ikaztu batzuk ere aurkitu dira, ontzien barnean egongo liratekeenak.

Hau dena ikusi eta gero, etxeak egurrezkoak eta buztinezkoak izango zirela, eta beraien aztarnarik ez dugula ez zirelako erre eta ikatz bihurtu, pentsatzen dugu.

Bestalde, 1993an mendiaren magalean etxeak aurkitzeko egin ziren lan guztiak alferrikakoak izan ziren.

Intxurren magaleko haizean hondeatutako etxeak aurkitu genituenez, eredu honek Buruntzakoaren baliorik ote zuen jakin nahi genuen.

Horretarako, 1993ko ekinaldian zundaketa mordo bat egin genuen, harresitik hasi eta ia tontorreraino, mendiaren magalean, ea etxeen aztarnarik aurkitzerik ote genuen.

Hipotesi hau bertan behera utzi behar izan genuen berehala, emaitzak ezezkoak izan zirelako.

Izan ere, Buruntzako sustratoko haitza karaitza gogor eta masiboa da, garai hartako tresneriarekin oso landugaitza.

Intxurreko bertako harkaitza, berriz, limolita zen, nahiko biguna eta puskatzen erraza, eta honek harkaitz zulatuaz etxeak egitea ahalbidetu zuen.

Buruntzan ere haitzik gabeko esparruak aukeratu bide zituzten etxeak eraikitzeko, material arkeologikoak hor agertzen baitira pilatuta.

Esparru horiek, guk behintzat, harresiaren inguruan soilik aurkitu ditugu.

4. AURKITUTAKO MATERIALAK.

4. 1. Harrizkoak.

Suharria nahiko ugaria da Buruntza mendian. Nodulu txikiak osatzen ditu lapiazaren karaitzetan, eta erraboilarik gabeko printza ugari jaso daiteke nonahi.

Halere, lau suharri landu azaldu zaizkigu.

Horietako bat suharri beltz bat da eta igitai-hortz moduko aurpegi bat erakusten du.

Harrizko materialak dira ehotzeko erabili direnak ere.

Tresna hauekin bai polen analisietan ikusitako alekiak, bai jasotako ezkurrak eho zitezkeen. Baliteke beste batzuk kaltzita txikitzeko ere erabiltzea (Ikus 6:1 ir., ofitazko ingudea). Gainerakoak (6: 5, 6 eta 8. ir.) eskuerrotak dira.

4.2. Metalezkoak.

Burdinezko tresna baten bi pusketa aurkitu ziren (labana, aiztoa, igitaia!).

Oso aldatua eta mineralizatua atera zen, magnetita iraunkor baten formarekin. (Ikus 7: 4 ir.)